Bizkaiko Enplegurako Sareak jardunaldi berri bat egin du, ebaluazioa berrikuntza sustatzeko, enplegu-programak hobetzeko eta lan-merkatuaren etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko funtsezko tresna gisa aztertuz.

Ebaluazioa berrikuntzaren eta erabakiak hartzeko prozesuen eragile nagusietako bat dela abiapuntu hartuta, topaketak aukera eman du hainbat ekimenetako ebidentziak, emaitzak eta ikaskuntzak partekatzeko. Besteak beste, 3R Enpresa programa, Ekintzailetza eta Enplegu Egonkor eta Kalitatezkoaren Programa Berritzaileak eta Autoenplegu programa izan dira aztergai.

Jardunaldian zehar, enplegu eredu eraginkorrago eta egungo beharretara egokituago baterantz aurrera egiteko hainbat ideia nagusi nabarmendu dira. Horien artean, berrikuntza bultzatzeko ebidentziak izatearen garrantzia, aldaketei aurrea hartzeko estrategia eta ekintza-gaitasuna uztartzearen beharra, eta lortutako emaitzak ez ezik, sortutako inpaktua ere ulertzeko premia azpimarratu dira.

Era berean, enplegurako laguntza prozesuen gero eta konplexutasun handiagoaren aurrean ikuspegia zabaltzeko beharra nabarmendu da, bereziki osasun mentala, belaunaldi-erreleboa eta beste hainbat faktore kontuan hartuta.

Testuinguru horretan, ebaluazioa ez da soilik emaitzak neurtzeko tresna gisa ulertzen, baizik eta aukera berriak identifikatzeko, aliantza berriak sortzeko eta Bizkaian kalitatezko enplegua eraikitzen jarraitzeko iparrorratz gisa.

Jardunaldiak dinamika parte-hartzaile batekin jarraitu zuen. Bertan, enplegu eragileek ebaluazioetatik jasotako ikaskuntzak berrikuntzarako proposamen bihurtu zituzten, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko ideiak eta ekimenak partekatuz.

Ariketa kolektibo horren bidez, Bizkaiko Enplegurako Sarea ezagutza trukatzeko gune bihurtu zen, ikaskuntza berriak, galdera berriak eta lankidetza-aukerak sortuz, gobernantza kolaboratiboa indartzeko helburuarekin.

Horrela, ebaluazioa funtsezko tresna gisa sendotzen da: ez bakarrik neurtzeko, baita ikasteko, berritzeko eta aurrea hartzeko ere, Bizkaiko enplegu-politikak eta programak etengabe hobetzen jarraitzeko.