Gaur goizean Harreralanek antolatutako lehen lan-gosaria egin da. Harreralan Pertsonaldek sustatutako ekimena da, Aldalanen lankidetzarekin garatzen dena, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak %100ean finantzatzen du. Ekimenaren helburua migratutako pertsonen talentua enpresa-sarera hurbiltzea eta teknologia zein giza baliabideen arloko enpresa eta eragileekin lankidetza-guneak sortzea da.
Jardunaldian Welltech Electronics, NTT DATA, Innovalia, GAIA Klusterrak, Michael Pagek eta Eurofirmsek parte hartu dute; horrez gain, 42 Urduliz Bizkaiaren laguntza ere izan da, bertan ari baitira Harreralaneko parte-hartzaileak prestatzen. Topaketa horrek aukera eman du lan-merkatuaren egungo erronkak partekatzeko eta teknologia bezalako sektore estrategiko eta berritzaileek eskaintzen dituzten aukerei buruz hausnartzeko. Horretarako, enpresa-elkarteak, azken enpresak, aholkularitza-enpresak eta aldi baterako laneko enpresak elkartu dira.
Eraldaketa digitalak, adimen artifizialak eta belaunaldi-erreleboak markatutako testuinguru honetan, enpresek bat egiten dute talentua erakartzeko eta garatzeko beharrean. Gero eta garrantzi handiagoa ematen diete ezagutza teknikoez gain motibazioari, konpromisoari, egokitzeko gaitasunari eta erresilientziari. Hala ere, badira oraindik lantzen jarraitu beharreko zenbait erronka. Erakunde askok titulazioak, ziurtagiriak eta sektoreko aurretiazko esperientzia eskatzen jarraitzen dute, eta ziurgabetasunak eta etengabeko aldaketek markatutako egoeran kontratazioaren moteltzea sumatzen da, bereziki esperientzia txikiagoko profilen edo ohikoak ez diren ibilbide profesionalak dituzten pertsonen kasuan. Hautaketa-eredu irekiago eta gaitasunetan oinarrituagoetara aurrera egitea funtsezkoa izango da eskuragarri dagoen talentuaren potentzial osoa aprobetxatzeko.
Hain zuzen ere, jardunaldiaren mezu nagusietako bat talentu migratzailea enpresentzat eta gizartearentzat aktibo baliotsu gisa aitortzearen garrantzia izan da . Talentu anitza da, taldeak aberasten dituzten esperientziak eta gaitasunak dituena, eta balio handiko konpetentziak eskaintzen dituena; horien artean, erresilientzia bereziki nabarmentzen da. Erakundeen gero eta handiagoa den kulturartekotasunak berritzeko eta hazteko aukera ematen du, eta aldi berean, agerian uzten du harrera eta integrazio-prozesuak behar bezala laguntzearen garrantzia.
Harreralan kalitatezko eta etorkizuneko enplegu-aukerak migratutako pertsonei hurbiltzeko asmoz sortu da. Pertsona horiek beren bizi-proiektuak berreraiki eta beren gaitasun profesional guztia garatzeko aukera behar dute. Horretarako, sektore estrategiko eta berritzaileetara iristea errazten du eta aldi berean, enpresen talentu-beharrei erantzuten laguntzen die.
Antolatzaileek oso modu positiboan baloratu dute lehen topaketa hau eta bereziki parte hartu duten enpresen inplikazioa eta prestutasuna eskertu dute. Enpresak funtsezko eragileak dira talentua identifikatzeko, aitortzeko eta garatzeko, eta horrelako espazioek pertsonen eta aukeren arteko zubiak eraikitzen jarraitzeko aukera ematen dute.
Lan-gosari honek programa hasi zenetik Harreralan ezagutu eta babesteko interesa erakutsi duten enpresa eta eragileekin lankidetza-ildo berri baten hasiera markatzen du. Lehen topaketa honetatik abiatuta, elkarrekin urrats berriak diseinatzen jarraituko dugu, lotura-guneak sortuz eta aliantzak eraikiz, parte-hartzaileei kalitatezko enplegu aukerak hurbiltzeko eta,aldi berean, gure inguruko enpresek aurre egin behar dieten talentu-erronkei erantzuteko.