Merkalan 2025eko seigarren edizioa “Orientatzea biharko talentua aktibatzea da” leloarekin ospatzen da. Topaketak orientazioaren garrantzia nabarmentzen du, gaitasunak garatzeko eta ibilbide profesionalak definitzeko jarraikitasunez eskaintzen den laguntza, gidaritza eta akonpainamendu prozesua; pertsonen eta ingurunearen balioa erdigunean jarriz.

Orientazio lanbidearen abiapuntua ibilbidea nora bideratu eta nola garatu erabakitzean datza. Ekitaldian 150 enpresak parte hartzen dute, 600 lanpostu baino gehiago eta 1.300 eskaintza aurkeztuz, Euskadiko enpresen, erakundeen eta aukera bila dabiltzan pertsonen arteko harreman zuzena erraztuz.

Irekiera ekitaldian lanerako sarbidean oztopo handiagoak izaten dituzten kolektiboak nabarmendu dira: gazteak, 50 urtetik gorakoak, migratzaileak eta emakumeak, besteak beste. Era berean, Euskadi 2030 Estrategiaren eta hiruko trantsizioaren —ekologikoa, digitala eta demografikoa— garrantzia azpimarratu da, belaunaldi erreleboaren ondoriozko aukerekin batera, kalitatezko enplegua bultzatzeko elementu nagusi gisa.

Jardunaldian zehar, ibilbideak berrikustearen garrantzia azpimarratu da, atzera egitea ez dela atzerapausoa ulertuz, bai eta zikloak hautsi eta linealtasunetik aldentzeko beharra ere. Orientazio lanbidea funtsezko tresna gisa aurkezten da bazterkeria edo geldialdiko egoerak gainditzeko, bai lehen aukerak sortzeko, bai bigarren aukera berriak ahalbidetzeko.

Ekitaldiak sare-lanaren beharra ere indartu du. Enpresek, erakundeek eta pertsonek elkarlanean jardun behar dute kalitatezko lan-merkatua eraikitzeko eta enplegua bilatzen duten pertsonak behar bezala hartzeko. Edizio honetan, Euskadiko 150 enpresek protagonismo berezia hartu dute, ateak zabalduz eta beren lan-eskaintzak zuzenean aurkeztuz.