Aste honetan Enplegu eta Kohesio Gosaria egin da, Aldalanek sustatutako topagune bat, Igorreko eta Lemoako udalek bultzatutako Beharbide eta LemoanLan enplegu-proiektuen esparruan.

Saioan lurraldeko hainbat eragile giltzarri bildu dira, enpleguaren, prestakuntzaren, gazteriaren, laneratze-prozesuen eta enpresa-sarearen arloetan jarduten dutenak. Parte-hartzaileen artean Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegia, Electro Ilunbe S.A., Gaztedi Arratia, Tresnak Suministros Industriales S.L., Aldatu S.L.U., Lanbide Durango, eta Beharbide eta LemoanLan proiektuetako ordezkariak izan dira. Era berean, etorkizun hurbilean Ormazabal eta Errota Fundazioaren parte-hartzea ere aurreikusten da lan-espazio honetan.

Topaketan zehar, kezka, erronka, baliabide eta aukerak partekatu dira ikuspegi ezberdinetatik, baina helburu komun batekin: Lemoa, Igorre eta Arratia Haraneko enpleguaren eta talentuaren ekosistema indartzen jarraitzea.

Landutako gaien artean talentua erakartzeko eta fidelizatzeko estrategiak, gazteengana hurbiltzeko beharra eta lurraldeko eragileen arteko lankidetza eta sinergia egonkorrak sortu eta sendotzearen garrantzia nabarmendu dira. Parte-hartzaileek egungo lan-merkatuaren erronkei erantzuteko eta dauden aukerak aprobetxatzeko elkarlanaren beharra azpimarratzeko orduan bat egin dute.

Jardunaldiak enpleguaren arloko erronkek ikuspegi integral eta kolaboratiboa eskatzen dutela agerian utzi du. Zentzu horretan, enpresen, prestakuntza-zentroen, garapen-erakundeen, enplegu zerbitzuen, administrazio publikoen eta gizarte-eragileen arteko lankidetza funtsezkoa da pertsonak, prestakuntza eta lan aukerak elkarrekin konektatzeko.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartu duten erakunde guztiei, erakutsitako inplikazioagatik, konpromisoagatik eta lankidetzarako prestutasunagatik. Horrelako ekimenek Arratian ezagutza, esperientzia eta elkarlanerako borondate sendoa dagoela, kalitatezko enplegua eta lurralde-garapen kohesionatua sustatzeko erakusten dute.

Topaketaren emaitza nagusietako bat partekatutako erronkak identifikatzea eta, batez ere, horiei elkarrekin erantzuteko erakutsitako borondatea izan da. Behar eta aukeretatik abiatuta, bigarren topaketa baten prestakuntza hasi  da dagoeneko, Arratian enplegua, talentua eta lurralde garapena indartzeko ibilbide-orri partekatu bat definitzen aurrera egiteko.