Bizkaiko Enplegurako Sareak topaketa berri bat egingo du datorren ekainaren 16an, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatuta. Jardunaldia BIC Bizkaia Ezkerraldean egingo da, Barakaldon, eta enpleguaren arloko eragileak, erakundeak eta profesionalak bilduko ditu ebaluazioak berrikuntzan eta politika publikoen hobekuntzan duen zeregina aztertzeko.

“Ebaluazioa berrikuntzarako tresna gisa” izenburupean, jardunaldiak ebaluazioaren balioa nabarmenduko du, enplegu-programen eragina neurtzeko, etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko eta esku-hartze publikoen kalitatea hobetzeko tresna estrategiko gisa.

Goizean zehar, Bizkaian garatutako hainbat programaren ebaluazioak aurkeztuko dira. Horien artean 3R Enpresa Programaren ebaluazioa, ekintzailetzako eta enplegu egonkor eta kalitatezko programen ebaluazioa, eta Autoenplegu Programa daude. Aurkezpen horiek hainbat erakundetako adituek egingo dituzte, programen emaitzak zein ikaskuntzak partekatuz.

Era berean, ebaluazioa, berrikuntza eta aurrerapena ardatz izango dituen mahai-ingurua egingo da eta bertan parte-hartzaileek ebaluazioak erabakiak hartzeko, berrikuntza sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre hartzeko eskaintzen dituen aukerak aztertuko dituzte.

Jardunaldiaren bigarren zatian, parte-hartze dinamika bat garatuko da “Ebaluazioa berrikuntzarako tresna gisa” izenburupean. Espazio horrek esperientziak trukatzeko eta ezagutza partekatzeko aukera emango die bertaratutakoei, enplegu-politiketan ebaluazioaren erabilerari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatuz.

Topaketa berri honen bidez, Bizkaiko Enplegurako Sareak eta Bizkaiko Foru Aldundiak berrikuntzaren, etengabeko hobekuntzaren eta lankidetzaren aldeko apustua berretsi nahi dute, kalitatezko enplegua sustatzeko eta lurraldearen etorkizuneko beharrei erantzuteko tresna eraginkorrak garatuz.